eAtlantic Fundazioko patronatukide sustatzaileek lehenengo Lan Taldearen ekintza-plana eta sare atlantikoekiko gestioak onartu dituzte
- Home
AlbisteakeAtlantic Fundazioko patronatukide sustatzaileek lehenengo Lan Taldearen ekintza-plana eta sare atlantikoekiko gestioak onartu dituzte
eAtlantic Fundazioko patronatukide sustatzaileek lehenengo Lan Taldearen ekintza-plana eta sare atlantikoekiko gestioak onartu dituzte
-BBVA, Iberdrola, Kutxabank eta Petronorren ordezkariek eta Iñigo Urkullu presidente exekutiboak Letta eta Draghi txostenak lurraldekatzeko helburua baliozkotu dute
-Txosten eztabaidaezinak proiektu trakziogileak identifikatu beharko ditu, fatxada atlantikoak lehiakortasunaren arloan eskaintzen duen potentziala hedatzeko
eAtlantic Fundazioko patronatukide sustatzaileek onartu egin dute Bilbon egindako bileran “Merkatuaren Etorkizuna eta Lehiakortasuna Europan: fatxada atlantikotik egindako begirada” Lan Taldearen ekintza-plana, erakunde honek abian jarri duen lehena. Planaren helburu nagusia Letta eta Draghi txosten entzutetsuetan egindako proposamenak eta gomendioak Europako fatxada atlantikoaren eremuan lurraldekatzea da. BBVA, Iberdrola, Kutxabank eta Petronorren ordezkariek, Fundazioko presidente exekutibo eta patronatukide sustatzailea den Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, ekintza-planak datozen hilabeteotan jarraituko dituen ildo nagusiak babestu dituzte, eta uztail honen amaieran, ezagutzera emango dira ikerketa-taldeko eta kontraste-taldeko kideak.
eAtlantic Fundazioak zehaztutako helburu orokorraren arabera, Lan Taldeak amaierako txostena egin beharko du “pragmatismo handiko ikuspegia eskainiz, lehiakortasunaren dimentsioa gida-haritzat hartuta eta oso esparru espezifikoei erreparatuta, originaltasuna eta sektorizazioa batuz”. Horren harira, “proiektu trakziogileak identifikatu eta proposatzea” izango da jarraitu beharreko eztabaida-planoetako bat, izan ere, proiektu horiek giltzarrizkoak dira fatxada atlantikoaren potentziala zabaltzeko lehiakortasunari dagokionez, eta haren oparotasuna eta Merkatu Bakarrarekiko erabateko lotura bermatzeko”, lortutako akordioen artean islatzen den bezalaxe.
Patronatukide sustatzaileek, Letta eta Draghiren proposamen orokorretatik abiatuta, fatxada atlantikoan errealitate bihur daitezkeen joerak eta gomendioak bistaratzea nahi dute, “jarduketa-mekanismoak, inplikatutako eragileak eta proiektu trakziogileak zehatz-mehatz argitu ondoren”. Era berean, erronkatzat hartu dute garatu beharreko lanak “haien inplementazioa moteldu eta/edo bizkor dezaketen lurralde mailako berezitasunak agerian utzi beharra”.
Helburu nagusiarekin batera, eAtlantic Fundazioaren asmoa da Lan Taldeak eta ondoriozko txostenak beste bi helburutarako erabili ahal izatea. Horietako bat, “Atlantikoko eragileen arteko adostasuna lortzen laguntzea, partekatutako zenbait lehentasun eta proiektu trakziogileren inguruan, horiek guztiak EBren agendan posizionatzeko eta ondorio eta ekarpen nagusiak herritarrekin partekarazteko”. Bestea, “Makroeskualde Atlantikoa sortzeko prozesuan lagundu eta honen lehentasun estrategikoen definizioaren berri ematea”.
Honelako ekimenen bitartez, “gogoeta/ekintzarako eta topaketarako gune atlantikotzat” sendotu nahi dute eAtlantic Fundazioa, “bere lana proposamen eraikitzaileak formulatzeko dinamika positibo batean txertatzeaz gain”. Eta Europako Fatxada Atlantikoaren eremuan, helburua planak eta inbertsioak EBren 2029ko Agenda Estrategikoarekin sinkronizatzen laguntzea da, aukerak hobeto aprobetxa daitezen, lurralde-eremu honetako apustuak EBren ekimen eta programei atxikiz.
Uztailaren amaieran, Fundazioak proiektu honetan lagunduko dioten ikerketa-taldeko eta kontraste-taldeko kideak izendatzeko asmoa du. Ikerketa-taldeak fatxada atlantikoko hainbat kokapen geografikotako adituak bilduko ditu, eta kontraste-taldea askotariko ibilbide profesionalak dituzten eAtlanticeko Patronatuko kideek osatuko dute.
Patronatu osoak orain arte egindako gestio guztien berri ere izan du, eta eAtlantic Fundazioko Patronatukide Sustatzaileek presidente exekutiboa eta zuzendari nagusia Enbaxadekin, Kontsulatuekin nahiz Sare Atlantikoetako erakundeekin (CRUSOE, Atlantic Cities, Kontseilu Ekonomiko-Sozialak, Fundazioak eta Think Tank-ak…) egiten ari diren aurkezpen-gestioak partekatu dituzte.