eAtlantic-ek lan-plan bat ireki du Jacques Delors Friends of Europe Fundazioarekin

  • Home
  • AlbisteakeAtlantic-ek lan-plan bat ireki du Jacques Delors Friends of Europe Fundazioarekin
eAtlantic abre un plan de trabajo con la Fundación Jacques Delors Friends of Europe

eAtlantic-ek lan-plan bat ireki du Jacques Delors Friends of Europe Fundazioarekin

2025-10-16 eAtlantic Comments Off
Bi erakundeen arteko akordioa Bruselan lortu da, EBri buruzko urteroko eztabaida-foro batean, 40 herrialdetako ordezkarien presentziarekin

eAtlantic Fundazioa eta Jacques Delors Friends of Europe Fundazioa elkarlanean aritzeko akordiora iritsi dira ostegun honetan Bruselan, bi erakundeek interes komuneko gai europarrei buruz egiten dituzten ikerketak koordinatzeko asmoz. Akordioa bi erakundeen ordezkariek berretsi dute, Belgikako hiriburuan egiten ari den Friends of Europe foroaren baitan izandako bi bileren ondoren.

eAtlantic Fundazioaren ordezkaritzaren buru izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Marian Elorza zuzendari nagusia eta Juanjo Álvarez ikertzaile nagusia. Aipatutako bi topaketen ostean, Urkullu pozik agertu da nazioartean hain ospe handia duen fundazio batekiko lankidetza horrek duen irismenagatik, “helburu argi batekin lanerako kezkak eta borondateak partekatzen baitira fundazio horrekin”.

Goizeko bileran, Geert Camik eta Pascal Lamyk, Jacques Delors Friends of Europe Fundazioko ordezkariek, eAtlantic-en existentzia inspiratzen duten ildo nagusiak ezagutu dituzte. Iñigo Urkulluk, ildo horretan, zehaztu du bera buru duen erakundea “gizarte zibiletik eta dauden lankidetza-espazio eta -sareekin batera, Europako Atlantikoko fatxadako eragile publiko eta pribatuen arteko elkar ulertzea erraztuko duten dinamikak bultzatzeko” helburuarekin sortu dela, “eremu geografiko horren etorkizuneko oparotasuna bermatzeko”.

Bi aldeek bakoitzak bere jardun-arloaren ildo nagusiak partekatzen dituztenez, bi fundazioek lan-plan bat finkatzea adostu dute, beren ikerketa-taldeen koordinazioa ekarriko duena. Lankidetza-giro horretan, interes handiena duten gaiak zehaztuko dira, besteak beste, barne-merkatua eta segurtasuna. Lankidetza hori gero berretsi da eAtlantic-eko ordezkaritzak Jacques Delors Friends of Europe-ko Patronatuarekin egindako topaketan, Enricco Letta buru duela, eta bere poza agertu du bi erakundeen arteko topaketa-bide horrekin.

Europari buruzko hausnarketa

40 herrialdetako 200 gonbidatuk baino gehiagok parte hartzen dute Friends of Europe foro honetan, urtero. Bertan, EBren orainerako eta etorkizunerako funtsezkoak diren hainbat gairi buruzko gogoeta egiten da. Saioen programan aukera bereziko gaiei buruzko eztabaida sartzen da, hala nola segurtasunari buruzkoak, Europak Txina eta India bezalako eragileen aurrean duen jarrera, Latinoamerikako herrialdeekiko lotura edo harreman transatlantikoak.

Lan-mahaietako koordinatzaile gehienek, bestalde, Europar Batasunaren inguruko “kezka eta interes bereziko” unea nabarmendu dute, eragin geoestrategikoa, ekonomikoa eta segurtasunekoa bezalako alderdietatik.